Gaua da. Kanpoko farolen argia sartzen da gela barrura. Ez dut pertsianak ixteko ohiturarik. Sekula ez zait kaltegarri suertatzen argitasuna. Hori ilunaren eta beltz absolutuaren arteko kolore arraro batek apaintzen du giroa. Gure aitak beti esaten zuen oso maite zuela bat-batean esnatu eta oraindik lotarako hiru edo lau ordu geratzen zitzaizkiola ospatzea. Ez da nire kasua. Ia ordubete daramat sabaiari begira, begiak zabal-zabalik.
Egin ditudan eta ez ditudan guztiak errepasatu ditut banaka-banaka. Damuak, pozak, desirak, lotsak. Den-denak agertu dira Times New Romanen idatzita nire logelako horma zurietan. Neure buruarekin egoteaz nazkatzen naizen momentu klase hori da. Haurra banintz amaren aldamenera joango nintzatekeen unea. Bakarrik lotaratu izan ez banintz besarka nintzan eskatzeko aldamenekoa esnatuko nukeen segundoa.
Jaikitakoan egin beharko ditudanak zerrendatzera eraman nau hain une kritikoak. Gosaltzeko eta emailak erantzuteko goizegi da oraindik. Horregatik erabaki dut zutabe hau idaztea.