oihana arana

Nire insomnioa

2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gauerdian esnatu eta berriz lokartzeko zailtasunak izango ditudala igartzen dudanean, argi txikia piztu eta sabaiari begira egoten naiz luze; umore txarrari buelta ematen lagunduko didan estrategia eraginkor baten bila.

Hala egon nintzen bart ere; gure etxe ondoan bizi diren ardiei buruz pentsatzen. Oraindik ez dakit zergatik lotzen diren ardiak loarekin. Belarra bazkatzen irudikatu nituen: buru beltzekoa; belarrian zauria duena; aharia; adarrak dituena; adarrik gabea; gabonetan jateko akabatu berri duten arkumea… artalde txikiegia da, akaso. Ariketak ez baitzidan lo hartzeko balio izan.

Argia itzali eta Maite Larburuk ezin hobeto musikatutako Harkaitz Canoren Nire Insomnioa poemarekin akordatu nintzen. Ahapeka kantatu nituen buruz dakizkidan bertso lerroak: «Nire insomnioa idi baten sabel taupatia / nire insomnioa erbi ehiztari / nire insomnioa baloi medizinal / nire insomnioa atetik sartzen ez den altzari / nire insomnioa egunez sekula idatziko ez ditudan ideia maisumaistrazkoak». Poema hori imitatzeko gogoa sentitu nuela uste dut; berba irakurgaitzez betetako mesanotxeko koadernoari besarkatuta esnatu bainaiz gaur. Oraindik ez dut arkatza topatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.