Lehenengo pisuko bizilaguna logelan azaldu zitzaidan iratzargailuak jo aurretik. Barkatzeko esan zidan, ez ninduela molestatu nahi, baina orduantxe hil zela eta ni nengoela gertuen. Sinetsi ez balu bezala hitz egiten zuen, harrituta baina lasai. Nik nekiela ondo zegoen bizilaguna, jubilatuta, kolore ona zuen. Oraindik ere mantentzen zuen kolorea. Ez zen pelikuletako fantasma garden horietakoa. Bakarrik bizi zen, uztaila da, eta pentsatzen nuen hil ondorengo protokoloa martxan jartzea eskatuko zidala. «Ez, ez, lasai; galdu xamar sentitzen naiz eta zuk ba al dakizu nora joan behar den?». Galdera ez zuen gehiago zehaztu beharrik izan, baina ulertu nion. Nik esan nion ez nekiela, «zerura» edo «lurpera», baina nola joan zerura, non dago lurpea. Isiltasun deserosoa suertatu zen ondoren eta ea zerbait behar zuen —ura, kafe bat, whiskia— galdetu nion. Ezetz berak, besterik gabe, nagi zela, ez zitzaiola sekula bidaiatzea gustatu, eta galdetuta azkarrago iritsiko zela pentsatu zuela. Zapatila berri on xamar batzuk banituen nik, sportivak, eta eskaini nizkion baina hasperen egin, «adio» lehor bat esan, eta desagertu egin zen bizilaguna. Egun hauetan bati baino gehiagori entzun diot ez dakiela nora joan, eta hemen nabil ni oraindik bizilagunarenari buelta eman ezinda, kolore denak galduta.
Nora jo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu