Ohi baino apur bat gehiago luzatu dut ohetik jaiki aurreko tartea. Ordenagailua mesanotxera ekarri nuen bart. Ohetik lan egitearen plazera ezagutzen duzuenok baino ez duzue errespetatuko nire erabakia. Egin beharrekoak amaitu ditudanean jaiki naiz. Leihoa zabaldu, arropa aldatu eta azkar abiatu naiz eskaileran behera, korrika jaisteko tentazioari eutsita. Oporretan dagoen jendea oraindik lo dago gure etxean. Azkar batean gosaldu, kotxea hartu eta banoa. Paseatzeko geratu naiz. Oporretan nagoela antzeztea gustatzen zait zeru urdineko egunetan. Errepidean hiruzpalau minutu neramatzanean konturatu naiz: «Oihana, ez dozu ohie ein». Bere etxean lo egiten genuenean ohea berari gustatzen zitzaion moduan egiten ikasi genuen arte guk aurretik egina desegiten zuen amamarekin akordatu naiz. Gauean berriz sartzeko goizean ohea egiteak zentzurik ez daukala esaten duen ahizparekin. «Etxekoandra fiñenek be mereziko daue ba opor egunen bat», esan dut neure burua etxera ez itzultzeko konbentzitu guran. Lortu dut, baina uste dut pixkanaka ulertzen ari naizela zergatik zaintzen duen gure amamak etxea hainbeste.
Ohea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu