maialen akizu 34 172x172

Oinak airean

2024ko irailaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain gutxi erabili dut lehenengoz teleaulki bat. Eskiatu zaleei arrunta irudituko zaie kable batetik zintzilik jarritako eserlekua, baina ez da. Segurtasun barrera deitutako horrek ez zidan konfiantza handirik eman, bizkar eta ipurdirako ez zen oso erosoa, baina aberatsen trastea zen hura, goitik behera begiratzekoa, mugimenduan zu eta gainerakoa geldi. Hala ere, behin jarriko eta kontentu ni. Aulkia mugitzen hasi zenean, ordea, oso desatsegina egin zitzaidan hankak airean eramatea. Trapuzkoak ziruditen nire oinek. Ez genuen distantzia luzea, baina zer egin hankekin. Sentsazioa nuen oinetakoak erori egingo zitzaizkidala. Saiatu nintzen lasaitzen, ideiaz aldatzen, baina burura etorri zitzaidan, benetan, nire gorputzetik askatuko zirenak oinetakoak ez, oinak izango zirela: askatuko zirela biak, ezker eta eskuinekoa, orkatila ingurutik, eta oinetakoen barruan hasiko zirela hegan, gure aurretik helduko zirela tontorrera, igaroko zutela magala, jarraituko zutela libre. Teleaulkian isilik egon nintzen, begiak itxita, ondokoarentzat zorabiatuta-edo. Helmugara heltzean oinazpiarekin lurra zapaldu eta eskerrak, eskerrak etorri ziren nire o(i)nera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.