Astean hiru egunez autorik ez erabiltzea erabaki nuen aspaldi. Hirian bizi nintzenean konturatu gabe betetzen nuen neure buruari emandako hitza. Zailagoa da hemen. Egun luzeak amaiezinak dira etxera ekarriko zaituen autobusaren zain zaudenean. «Eguneko bosgarren autobuse», pentsatu dut aharrausi eta aharrausi artean.
Zazpi minutu egin ditut oinez autobus geltokitik etxera. Azkar. Geldi egoteko presa izatea. Oximoronak bata bestearen atzetik bizitza desordenatuetan. Zapatak kendu, trasteak sarreran utzi eta oinutsik sartu naiz sukaldera. Ezkai usaina dago. Zutik egon naiz apur batean. Sekula ez dut jakin nekea eta poza batera sentitzen.
Badirudi baten batek sukaldea zaindu duela nire ordez. Landare berriak daude leihoaren azpian. Platera eta koilara mahaiaren gainean. Eta kazola batean afaria, su baxuan berotzen utzia. «Banoa, e!», esan dit pisukideak goiko solairutik. Ez diot hitzik egin, baina ulertu du nire poza. Erraz irakur zitekeen eskertza infinitua nire begietan. «Tira, jantzi etxeko zapatilak eta afal ezazu lasai. Bihar goizean ez daukazu lanik, ezta?», esan eta zapatilen bila altxatu da. «Bixer eingutziet kasu landara barrixei, bale?».