Angel Erro.
JIRA

Ongi etorri

2016ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Uste dut oraingoan ezin diodala ezikusia egin —ez litzateke jendetasunezkoa— eta aukera baliatu behar dudala, aurrekoren batean hala egin ez badut ere, Samara Velte zutabekideari ongietorria emateko.

Ez naiz zutabegileen arteko agurren eta keinuen oso zalea. Auzo isila, diskretua, nire baitan bildua, eskaileran gurutzatutakoan adiorik esaten ez duenetakoa, ia teleberrietako susmagarri prototipikoa ematerainokoa, izan naiz beti, Velteren aurreko bi lankideekin, Idurre Eskisabel eta Garbiñe Ubedarekin. Halere, biek ala biek auzunea utzi dute, nik agurrik, esker onik edo tutik esateko denborarik gabe —gaurkoan egin nahi dut—.

Bakoitzak badaki berea. Ez du inork azalpenik eman behar. Beste kontu bat da ni pixka bat kezkaturik gelditu banaiz, ez hainbeste honek (ni gelditurik, ondoko emakumeek alde egiteak, alegia) nire balbea adieraziko balu, nola mikro edo makromatxismoaren zantzua baldin bada. Gizonezkoek seguruenik joera handiagoa dugu egonkortasunera, iraupenera, botere kuotei (eta prentsako zutabe bat halakoa da) eustera, banitatera. Konponbide bakarra bururatzen zait, baina, diagnostikorik ezkorrena berretsiz, oraindik ez nago prest. Samara, ongi etorri. Oraindik zertxobait aguantatu beharko nauzu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE