Ekaineko azterketak eta selektibitateko probak amaitu ahala, nabariagoa da oposiziogileen bakardadea herri eta auzo guztietako liburutegietan. Nik izaten zaituztet gogoan. Udako ordutegi murritzagoek agian oraindik datarik ez duten oposizioetako azterketak prestatzeko (prestatzen jarraitzeko) aukerak ere murriztuko dizkizuete laster. Eta inor ez da zuetaz errukituko.
Uda ez da garai ona oposiziogileentzat. Ageriegian gelditzen dira zuengandik gehien miresten ditudan ezaugarriak: norberarengan eta sisteman duzuen, izan behar duzuen, itxaropena. Uneotan nikez dut ez batetik ez bestetik gehiegirik. Baina zuek itxaropentsu irautea beste biderik ez duzue, egiten ari zaretenak noizbait zentzuren bat izanen badu, denbora alferrik galduko ez baduzue, bizitzako urterik onenak lau paretaren artean emanda, gero eta jende gazteagoaren artean.
Kirol arropa erosoaz jantzita elkarrekin egiten duzue atsedenalditxoa liburutegiko atarian edo kafetegi gertuenean. Oposizioetako proba fisikoak ere prestatu beharra daude eta seguruenik horixe eginen duzue hemendik irtendakoan, horren lekuko dagoeneko izanen ez banaiz ere. Errazagoa da arratsaldeetan korrika egitera ateratzen direnen artean oharkabean pasatzea.

JIRA
Oposiziogileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak