Ortuari kasu apur bat egin diot lanera abiatu aurretik. Oraindik kuiatxoak eman eta eman ari den landareari fruituak eskertu, eta ximeltzen ari diren gainontzekoei lasai deskantsa dezatela esateko gogoa sartu zait. Ez dut, ordea, berbarik ahoskatu. Gorputzaldi oso konkretua daukadanean baino ez dut egiten berba landareekin; iluntzeetan izaten da normalean. Nekearen eta tristuraren arteko zera hori behar izaten dut.
Leire Bilbaoren poemak eta Yolanda Mosqueraren ilustrazioak biltzen dituen Ortupoemak liburu ederrarekin sartu nintzen bart ohera. Barazkiekin eta animaliekin jolasten pasatu nuen ilunkera. Oso gutxitan hartzen dut jolasetik gertu dagoen poesia irakurtzen dudanean bezainbeste plazer. Gogoan geratu zaizkidan poemak errepasatu ditut errepidean.
Aparkatu dudanean erabaki dut: liburuarekin jaitsiko naiz gaur iluntzean landareengana. Poemak boz goran irakurtzeak ematen duen poza lagun ona da nekea disimulatzeko. Eta gainera, badakit asko gustatuko zaizkiela. Denoi gustatzen zaizkigu gure bizitzaren berri ematen duten berbak. Hori bai, erantzuten baldin badidate, litekeena da bihar zutaberik ez egotea. Eurekin berbetan pasatuko dut gaua.