Angel Erro.
JIRA

Osasunaren alde

2023ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nork salbatuko du osasun publikoa (eta bide batez zerbitzu publikoak)? Albistegietan espainiar estatu osoko medikuen grebak deitzen ari direla ikusita, hori hasiera ona izan daitekeela pentsa daiteke. Nafarroako medikuen aldarrikapenak esklusibotasun saria galdu gabe medikuntza pribatuan aritu ahal izaterantz bideratuta daudela entzunda, ez dakit zer pentsatu. Ez naiz nor nola beharko lukeen argitzeko, akaso arrazoia dute, terminologiak kontrakoa iradokitzen duen arren.

Duda handiagoak ditut hori arreta hobetzeko borrokan sartu daitekeen, ez bada oso modu zeharkakoan. Ia kontrakoa susmatzeko aztarnak izan nitzake. Baina, esan bezala, ez dakit gauza handirik kontuaz, eta batez ere ez dut grebaren eskubide sakratuaren kontra ari naizelako irudipena eman nahi.

Horrek, dena den, ez du nire lehenengo galdera eta nire lehenengo kezka bazter uzten: nork salbatuko du osasun publikoa? Zantzu guztiek adierazten baitute arriskuan dagoela, gainbeheran. Osasun zerbitzuetako langileen esku bakarrik uzteak (haien aldarrikapenetan interesak nahastearen aukera alde batera utzita) ez dirudi bidezkoa. Osasun publikoa guztiona da, erabili, erabiltzen edo erabiliko dugunona, eta guri dagokigu nagusiki, bozez edo garrasiz, defendatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.