Gertatzen zait Palestinako gatazkaz idazten dudanetan kosta egiten zaidala ondoren beste gai batera salto egitea. Ez zait Palestinarekin bakarrik gertatzen, baina oraintxe, Palestinarekin bereziki. Barbaridade bat dela idatzi, eta nola aritu hurrengo egunean eguraldiaz, gaurko kafeaz, jasotako kritikez, minaz. Friboloa egiten zait zutabegintza askotan. Ordea, Leila Guerrierok dio esperantza baimentzen duela ostiraletan. Arrazoi du: «eguzkia atera da» horri baino esperantza handiagoa dario «ostirala iritsi da» esaldiari.
Hala heldu naiz Bertolt Brechtek, 1956an, hil baino pixka bat lehenago idatziriko Vergnügungen poemara. Irati Majuelok Plazerak izenburuarekin itzulia du. Plazeren zerrenda bat eskaintzen da, eta plazerak konpartitzea ederra da, eta plazer konpartituak izatea ere bai. Hauexek poeta alemaniarrarekin partekatzen ditudanak: goizean leihotik egindako lehenengo begirada, egunkaria, igeri egitea, ulertzea, atsegina izatea. Hori bakarrik, eta hori dena egin nahi dut ostiral honetan.