Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Otsolarre

2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Non hasten da aberria, atzeko balkoian, zeru ilunean, lagunen agurrean, amaren begietan, aitaren eskuetan, anai-arreben hitzetan, jendearen indiferentzian, norbere baitan, non hasten da aberria? Izarraitz eder betean, parkeko pagoen hosto horitzen hasietan, ilbehera hotzean, teilatuko ihintzean, zigarroa amatatu duzun lorontziko lur beltz hezean, non hasten da aberria? Hilerriko nitxoak ematen duten apaletako liburuen bizkarretan? Hilerrian bertan? Bat bere hildakoak ehortzita dauden lekukoa omen da. Non hasten da aberria, Sabin-Etxean, Benta-Aundin, non hasten da aberria?

Non hasten da aberria, non atzerria, non otserria, non herria? Azkoitiko Martirieta auzoan gora joanda azkeneko baserriak Otsolarre du izena. Handik ere ederra ikusten da Izarraitz, zutunik, estoiko, akaso hortxe hasten da aberria. Eta bat Zumarraga aldetik baldin badator, bihurgunea hartu eta mendia aurrez aurre ikusten duenean, etxean sentitzen da. Baina etxea ez da aberria. Aberria ez da etxean bukatzen, non bukatzen da aberria?

Non bukatzen da aberria, iparraldean muga egiten duen ibai hori zein da, Rubicona? Mendebaldeko mendikate elurtu hori zein da, Atlasa?

Zenbat hildako hartzen ditu lur azpian aberriak?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.