Tren geltokira joan natzaio bila, ohikoa da hori gure harremanean. «Zelan zauz, maitia?», esan dut autoaren barrutik. Elkarrekin egon ginen azken alditik hona gertatu zaizkigunak aletu ditugu etxera iritsi arteko hamar minutu eskasetan. «Oso gogotsu nago», esan dit.
Aulki banatan eseri gara eguzkiak epeldutako etxe aurrean. Eguzkitako betaurrekoekin ni, begiak erdi-itxita bera. Elkarrizketa bat egingo dit. Prentsarako elkarrizketa bat. Apur bat arraroa da egoera honetan lagun min batekin egotea. Ez dakit sekula egin dugun berba horrela parez pare jarrita. Elkarren ondoan oinez goazela egiten dugu berba normalean, edo kotxean. Maitasuna albo batera begira eraikitzen dela pentsatzen dut batzuetan.
Grabagailua piztu duenean gertatu da: biok aktibatu dugu jendaurrerako erabiltzen dugun berbakera. Grazia egin digu, baina jakin dugu barreari eusten. Ordubetez edo aritu gara. Sekula kontatu ez dizkiodan gauza batzuei buruz egin dugu berba. Elkarri buruz ez genekizkienak hartu ditu grabagailuak. Biok harritu gara.
Harridura horrek inbaditu nauen arte ez naiz jabetu lagun ofiziokideekin parez pare jartzearen ederraz. Maite ditugun pertsonei galdera onak egitean gertatzen den magiaz.