Zapatilak jantzi eta eguneroko bisita egin diot etxetik hamar minutu eskasera bizi den artaldeari. Hiru arkume zeuden etorri nintzenean; bakarra geratzen da orain; gazteena. Nik jarritako izenez deitzen diodanean ez dit kasurik egiten, baina berdin-berdin etortzen naiz egunero. Oraindik ez dut irudikatu desagertuko den eguna. Izan zitekeen gaurkoa ere. Lasai jarraitu ahal izan dut paseoarekin, zorionez.
Sagarrondo batzuk pasatu, eta behiak daude aurrerago, txahaltxoak ere bai azkenaldian. Koartzak joaten zaizkie egunero aldamenera. Sinbiosia edo adiskidetasuna den, norbere gustuen araberako azterketa egin dezala bakoitzak. Nolanahi ere, grazia handia egiten dit behiak lasai etzanda eta haien aldamenean koartzak zurrun eta zuzen ikusteak.
Masusta eskukada bat hartu, pikondoaren goi-goiko arrametako pikuak makilaz xaxatu eta konturatzerako iritsi zait etxerako ordua.
Paseatzearen paseatzeaz ikasten da koartza zuriak eta hauskarak, sagarrondoak eta intxaurrondoak, helmuga baterantz doazen korrikalariak eta ihesean dabiltzanak bereizten.