Etxe inguruko edertasunarekin xarmatuta itzuli naiz goizeko paseotik. Eguzkiak aurpegian ematea, batzuetan ez da askoz gehiago behar. Neguak gristutako arrametan kantari zebiltzan txantxangorriak, zozoak, txolarreak. Zelai berdean arkumeak brinkoka. Sanjose loreak zabal-zabalik erreka bazterrean.
Zapatilak aldatu, giltzak otzaratxoan utzi eta irakurtzen topatu dut pisukidea sukaldera sartu naizenean. «Hau da merezi dogun bizimodue» pentsatu dut. Emlily Dickinsonen herbarioa eta antologia botanikoa biltzen dituen liburua hartu dut nik bere aldamenean irakurtzeko.
Laranja zaporeko konbutxa botila bat ireki dut topa egin genezan. «Hau berria da, ezta?» esan dit. «Bai, eguaztenien botilatutakue. Aber ona dauen…» esan dut edalontzia eskuetan. Lehen tragoa beti da zalantzatia. Izango ote du aski gas, ideia ona izan al da laranja zaporekoa egitea, goizegi zabaldu ote dut… Zapore ona duela ondorioztatu dut pisukidearen begiradan. Eta isil-isilik pasa dugu ordu erdi edo, bakoitzak sudurra bere liburuan sartuta. Horretarako dira igandeak.