Santamas eguna zen atzo Arrasaten. Domekan Donostian San Tomas ospatu izanaren nekea nabari zitzaidan begi zuloetan. Joatea erabaki nuen, hala ere. Amamarekin geratuta nengoen, eta emandako hitza bete egin behar da horrelakoetan. Igarri zidan nekea, baina ez zidan ezer esan. Elegantea da andrea.
Autobusetik jaitsi eta elkarren besotik ibili ginen hara-hona; bata bestearen erritmoetara moldatzen. Atzora arte ez nintzen konturatu, baina oinez ibiltzeko antzeko modua dugu biok. Pauso txikiak egiten ditugu, isilik goazenean azkar ibiltzen gara, baina berbetan baldin bagoaz mantsotu egiten dugu abiadura. Grazia handia egin zigun bioi elkarren antza dugula ikusteak; elkarrekin egin genuen barre.
Txerria ikusi genuen lehenengo; gainontzeko abereak, gero. Artisauak eta baserritarrak azkenik. Umetako eszena pila batekin akordatu nintzen. Uste dut horregatik diodala maitasun berezia egunari. «Ondo egon da, ezta? Ni gustora egon naz», esan nion bueltako autobusean. «Bai, hurrengo urtien berriz etorriko gara», esan zidan.