oihana arana

Platera

2026ko uztailaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Plater bat hautsi zait. Janariz betetako plater bat. Nire bazkaria izango zen horrekin betetako plater bat. Halakoetan oihu egiteko joera izaten dut normalean. Birao batzuk bota, erratza hartu eta desastrea berehala konpontzen saiatzean datza nire lehen bulkada. Gaur, ordea, ez da hala izan. Nekatuta nengoen. Lo gutxiegi eta lan gehiegi ari naiz egiten azken egunotan. Saiatzen naiz ohean ordu gehiago ematen, baina begiak itxi eta egiteke ditudan gauza horiek guztiak agertzen zaizkit. Paperezko izaki txiki batzuk dira nire irudimenean: esku biak zerurantz altxatuta, nire agenda beltzaren gainean saltoka. Horrela esanda, berez dena baino askoz komikoagoa ematen du eszenak. Plater bat hautsi zait. Negarrez hasi naiz. Lurrean utzi ditut kristal zatitxoak eta letxuga hostoak, haien aldamenean eseri naiz. Zeuden moduan utzita eseri naiz aulkian. Negarraldi luzea egin dut. Tripatik ateratzen den negar klase hori, kaos handien erdian baino egiten ez dena. Berehala konturatu naiz arrazoia ez dela platera izan, baina batzuetan hori baino ez dut behar: zerbait mila zatitan puskatzea, ni ere arrakalatzen hasia naizela onartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA