Poesia eguna izan zen zapatuan Oiartzunen. Poetek eta poemazaleek elkarrekin pasea dezaten antolatzen den egunaren seigarren aldia. Zeru urdin ukaezinaren azpian aparkatu nuen furgoneta. Pozik iritsi nintzen. Ez zait okurritzen poesia ospatzea baino plan hoberik. Egun osoko egitaraua zegoen antolatuta. Jende asko zebilen hara-hona. Ni arratsaldeko ekintzetara baino ezin izan nintzen agertu, eta badut horren penatxoa. Nolanahi ere, igarri nuen goizetik zebiltzanen poza.
Ederra izan zen arratsaldeko errezitala. Poesia maite duenik ez dela esaten duten horiekin guztiekin akordatu nintzen nire aulkitik jaiki eta parke bete entzule ikusi nuenean. Nire momentu gustukoena, ordea, iluntzea izan zen. Miren Narbaiza Mice musikari handiaren kontzertua. Iluntze eder bat zeukan bizkarrean, alkandora eder bat soinean. Ohiko duen patxada eta indarrarekin ekin zion poemak kantatzeari. Bereak eta besteenak, berba ederrak bata bestearen atzetik. Ondorio argi bi atera nituen kontzertua amaitu eta berehala. Bat: gehien interesatzen zaizkidan euskal artistetako bat da Miren. Eta bi: tipa honek leku guztietan jo beharko luke. Gaur Aulestin egongo da, joan zaitezte.