Bazkaltzera etorri da gaur ama. Harrikoa egin eta sofan eseri gara. Zutabe hau idazteko ordenagailua piztu dudanean, «zer da hor pegauta daukotzun hori?» galdetu dit paretan pegatuta ditudan poemak seinalatuz. «Lantzen nabilen poema bildumie da; irakurri zeinke nahi bozu». Esan diot.
«Letra txikiñegixe ipini dozu jentiek ez irakurteko, e!» esan dit lehenengoa hartu duenean. Eta han ibili da, hamar minutuz edo: poemak hartu, begiak ñarrotu, irakurri, eta atzera zeuden lekuan txukun-txukun pegatzen.
Urduri egon naiz. Ez nuen sekula pentsatuko ama izango zenik bilduma honen lehenengo irakurlea. Amaitu duenean, isil-isilik eseri da nire ondoan. Berba egiteak idazten ari naizen testu hau izorratuko balu bezala. Begirada pantailatik altxatu eta «Zer? Zer pentzau jatzu?» galdetu diot. «Badakitzu ni ez nazela oso poesia zalia, baina asko gustau jat. Oso politxak die, oso politxak».
Irri txiki batek egin dit ihes. «Asko pozten naz» esan diot. Uste dut ez dela bere feedback-aren ederraz ohartu. Hain zuzen ere, hori baita bizitzari gehien eskertzen diodana: on beharrean polit hitza erabiltzen duten irakurleak izatea.