Postal bat daukat idazmahaiko kortxoan. Donostian bizi izan nintzen etxearen irudia daukan postal bat. Handik joan baino lehentxeago erosi nuen, joatea erabaki eta gutxira. Komeni da nostalgia aurreikusten jakitea ere. Gure etxea izan zenaren balkoia ikusten da, nire gelakoa. Jendea dabil hara-hona kalearen alde batetik bestera, turistak seguruenik. Bestelako jendea ez da agertzen horrelako irudietan.
Zoritxarrez ez naiz gure hiria postalean kabituarazi gura duen bakarra. Nirea baino motibo gaiztoagoak dituenik bada. Hondartzak, izozkiak, pintxoak. Futbola, zinema, zezenak. Postalak markoak dira, inguruari begiratzeko leku txikiak. Oporretara datorrenari leku ona aukeratu duela esaten dioten paper multzo horterak. Oporretara datorrenarentzat erreserbatutako hiri zatiak baino erakusten ez dituztenak. Kaleko ehiza arrazista, sare sozialetako lintxamenduak, udalak hartu duen jarrera zapaltzailea… Horiek ez dira inon ageri.
Migratzaile bat tirokatu dute Donostian. Nire idazmahaian ageri den balkoiaren antzeko batetik tirokatu dute. Hori dago postalaren kanpoko aldean: balkoietatik tiro egiten dutenak lasai uzten dituen hiri bat.