Giltza txiki-txiki bat dago gure etxeko sarreran iltze fin batetik zintzilik. Oraindik motxila bizkarrean dudala giltza hartu dut eta etxe aurrera irten naiz ohiko legez. Ez dakit noiztik daukadan kaletik natorren aldiro postontzia irekitzeko ohitura hau. Gure aitak egiten zuelako izango dela diost nire alderdi erromantikoenak. Muturtuta egin ohi zuen hark ekintza. «Fakturak baino ez die etorten»-ka. «Oin horreik be ez die etorten», esango nioke hemen balego. Egia da.
Katalogo triptikoak, irakurtzen ez ditugun paper zatiak… eta kasurik onenean, herriko aldizkaria. Besterik ez dut topatzen. Atetxoa zabaldu eta hanka-puntetan jarri naiz postontziaren barreneraino heldu ahal izateko. Normalean ez da ezer egoten. Paseanteek pareta ukitu ohi duten legez, atzamar puntekin postontziaren hondoa ukitu eta orduan amaitzen dut errituala. Gaur, ordea, paper bat igarri dut hondoan nonbait. Ilusioa egin dit sorpresak. Presaka atera dut. Zera zen: jatetxe baten propaganda. Hasperen egin eta gero itxi dut atea. Uste dut horregatik irekitzen dudala aldiro postontzia: egunero berritzen zaidalako eskua sartu eta zerbait ederra ateratzeko itxaropena.