Euskal Udalekuen bueltan aritzen den jende asko daukat inguruan; ume eta gaztetxoentzako hamabost eguneko udalekuak transfeminismotik eta euskaraz kolektiboki antolatzen dituzten dozenaka boluntario. Haiek elkarrekin ikustean pereza eta inbidia, biak sentitu izan ditut momentuaren arabera.
Udaleku txandak amaitu eta gero harritu izan naute gehien: etxe barruraino ekarri didate udalekua, postxanda deitzen dioten luzapen horren baitan. Espazio eta denbora mugagabean zabaltzen den fenomenoa da postxanda. Euskal Herriko edozein txokotan hezitzaileak berriz elkarrekin egotean datzana; udara eta udaleku kontzeptuak bereizezin bilakatzen dituena.
Oraindik ez dakit zer den arindu nahi dutena: nostalgiari dioten beldurra edo bakarrik egoteari, udara amaitzeari eta eguneroko bizitzari diotena. Ez da ulertzeko batere zaila, nork ez ditu, bada, beldur horiek?
Ni jada errutinak irentsi nauen honetan, hau baino ez diet desio: artikulu hau bera altuan irakurtzea elkarri besoetan kilimak egiten dizkioten bitartean.