Ostiral arratsaldea zen, presaka gindoazen zinera, Inside Job ikustera. Etxetik erosi genituen sarrerak, kutxan hartzen dituzu gero, erosoa da, ez daukazu ilaran egon beharrik, ez daukazu jendearekin nahastu beharrik. Bizitza erosoago egiteko daude bankuak; hainbeste diru sartuta, presio-eltzea oparitzen dizute, edo mahai-tresneria, toailak, zernahi.
Aspaldiko lagun batekin egin nuen topo, presaka gindoazen zinera, urteak neramatzan ikusi gabe, bigarrenaren zain dago, orain beste leku batean bizi da, ondo, esan zidan. Jende baten izenik ez dut sekula ahazten, urtero akordatzen naiz bere egunean, baina jada ez diot deitzen, ez naiz ausartzen. Iratzarri nahi ez dudan iragan bat dakarkit haren gomutak. Gustura hartuko nukeela trago bat, baina joan beharra genuela, presaka ginela, ez nion esan beti esateko daukadana.
Jende asko zegoen Artesanako terrazan, epel egiten zuen, laster gara euskotarrak sugelinderak bezala eguzkitan. Jende asko zegoen zinean ere. Gazteenak geu, puskaz. Azkenak iritsi ginen, presaka. Aurre-aurrean eseri, eta ipurmamiak eserlekuan egokitu orduko, krispetei eraso genien, antsia baretzeko-edo. Pelikula, ona.
Ostiral gaua zen. Presaka ekin genion asteburuari ere.
Jira
Presaka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu