Eguneroko paseoan ikusten dituen hegaztiei bisita egitera gonbidatu nau aspaldi ikusi gabeko lagun batek. Ez da askoz gehiago behar ni xarmatzeko. Etxetik ateratzera nindoala entzun dut: «Oso frikia iruditzen zaizu prismatikoekin joatea? Martin arrantzale bat ikusi nuen atzo eta baliteke gaur ere agertzea…», zioen audio mezuak. «Nik be eruengot neuriek», erantzun diot.
Hala pasatu dugu goiza. Prismatikoak begien aurrean jarri eta uroiloen, ahateen, kaskabeltzen, koartzen… agerpenak etendako elkarrizketa sakonetan murgilduta. Horrelakoetan baino ez da ederra esaldiak amaitu gabe utzi behar izatea. Hain da ederra, ordea.
Aski kontenplazio egin dugula iruditu zaigunean joan gara martin arrantzalearen arrama gustukoenaren parera. Zain egoteaz aspertuta elkarri irailak ekarri dizkigun kontu guztiek sortu dizkiguten gorabeherak kontatzen ari ginela gertatu da: «Hortxe, Oihana! Hortxe dago!», uste baino azkarrago, irudikatzen nuen baino askoz txikiago, uraren gainetik hegan pasatu da hegazti urdin distiratsua.