Gure jaioterrian beti da berezia otsailaren hasiera. Hemezortzi urte betetzen dituzten gazteek hartzen dute herria: kintxuek. Etxez etxe kantatu, puska bildu, bildutakoa jan, herriko plazan dantza egin… hori izaten da plana. Egun batzuetan baserritar jantziarekin, bestetan arropa zuri eta gerriko-txapel-jertse gorriekin. Modu batera edo bestera, herriko eragile pila batek hartzen dute parte: dantzariek (gazteei dantzak irakasten), txistulariek (plazan zuzenean joz), herritarrek (dantzara batuta)... Lehen, soldaduskara joaten ziren mutil gazteek herria agurtzeko egiten zuten errituala. Azken hamarkadetan beste funtzio bat betetzen du; eta denon hobe beharrez, hala izaten jarraituko duela espero dut.
Ez daukat nik herriarekiko atxikimendu handirik, baina egiari zor, data hauetan beti uzkurtzen zait bihotza apur bat. Gure herriari buruz berba gehien egiten dudan urte sasoia izango da, seguruenik.
Hala ere, ez da hori (bakarrik) ni otsaila noiz iritsiko zain egoteko motiboa: hor nonbait ni poztu nahi nauenik bada, jakin beza aski dudala kafetan bustitzeko San Blas opil bat izatea.