Errekaduak egin eta ibaiaren ertzetik etorri gara etxera pisukidea eta biok. Andretxoak bezala, elkarri besotik helduta. Pozgarria izan da paseatzeko tartea izatea bera. Goiz lasai bat, azkenean. Ez dut hainbeste eskatzen. Aste osoan zehar gertatu baina elkarri kontatu ez dizkiogunak aletzen egin dugu bidea. Tarteka barrez, tarteka serio. Gaiaren arabera pauso azkarrago edo mantsoagoekin. Paseoetan ohikoa den bezala. Gorputzaldi ona genuen biok, beti laguntzen du goizaren ederrak.
Gehiago begiratu diogu inguruari elkarri baino. Izan zitekeen, baina kasu honetan ez da batere kezkagarria. Paseoaren parte da bideak erromantizatzea. «Han beittu, urteko lehenengo San Jose lorie!» esan diot halako batean gorputza bide ertzera biratuta. «Baina lore hau udaberrikoa da, ezta?», esan dit amari bidaltzeko argazkia ateratzen zuen bitartean. «Gero eta lehenau urteten die… badakitzu…», esan diot. Ez dut esaldia amaitu behar izan. Bazekien zer zetorren. Elkartu egin dira gure presa eta loreena. Leku gutxiegi utzi diogu neguari, negu izan dadin.