Xabier Gantzarain Etxaniz.
Jira

Segurtasuna

2013ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Errituak segurtasuna eskaintzen du, segurantzia guztiak galdu dituen mundu batean. Ordena eta erritmoa ezartzen dizkio berez ordenagaitza eta irregularra den denbora jario galkor eta gorabeheratsuari; bizitza ez da alditik aldirako jauzia, aldian aldiko jausia baizik. Fiskalak eta bestelakoak, amiltze etengabea da mundualdi hau, batzuetan gora, normalean beheraino. Zure existentziaren arrazoirik jakin gabe bizitzea da infernua. Eta errituak behar dira infernuan bizitzeko.

Baita zeruan bizitzeko ere.

Bikoteen urteurrenak: nola ezartzen dira? Irteten hasi zireneko eguna, lehen muxuaren eguna, maitasuna egin zutenekoa, nola ezartzen da bikotearen urteurrena? Bikoteak erabakitzen du, bikoteak erabakitzen du zein bertsio eman, zein egun idealizatu, non jarri mugarria. Eta behin mugarria jarrita, alferrik dira aurretik eta ondoren izandako zalantza eta beldur guztiak, alferrik dena uzteko bulkadak, alferrik gogoak emandako buelta guztiak, ezarri dugu eguna, ezarri dugu errituaren oinarria, badugu sorrera mitiko bat, geuri eta besteri behin eta berriz errepikatuz mitikoagotzen joango dena, denborarekin erritu bilakatzeko.

Errituak segurtasuna eskaintzen du; arrazoi bat zure existentziari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA