Kamiseta horiak, aspaldikoak eta besarkada estuak. Lagun bertsolariak, lagun transfeministak, andrezaharrak eta ezezagunak. Pamela bat, gurutze puntua eta xaboi usaina oholtzan. Azalberrituta heldu da aurten ere, seigarren aldiz, hain maite dugun Señora Sariketako finala.
Baionak, Zizur Nagusiak eta Plentziak izan dute aurten brillantinazko mikromundu hau ezagutzeko aukera. Autoan mapa jarri eta adi-adi ibili gara gu: urtero-urtero bertsozale izateko zale beste modu daudela; bertsotan egitea ezarrita dauden arau eta ikuspegi konkretuetatik kanpo ere egin daitekeen ekintza bat dela; epaileen asanbladak egin daitezkeela… erakusten digun ekimen eder honi jarraika. Izugarria izan da, berriro ere.
Plentzian gaude gaur. «Baratzeko pikuak,/ baratzeko pikuak/ hiru txurten ditu…». Denontzat gaztetxean. «...señora talde honek/ mihi arinak ditu…». Halako poz kolektibo batek inbaditu dit barrena. «...mihi arin-arinak/ burua arinago…». Urduri nagoela uste dut. «...bertsotan hobe daki artajorran baino». Txaloka hasi da jendea, irribarretsu datoz bertsolariak. Nik ez dut ezer gehiago behar.