Orain ez, baina bizitzako beste aro batzuetan ni ere izan naiz goizero jaiki eta beste ezer egin aurretik irratia pizten duen jende mota hori. Arropak zabaltzeko eta lurra errazteko podcastak jartzen dituena. Lokartzeko dokumentalak ipintzen dituena. Lagunek bidalitako audio mezuak abiadura handian entzuten dituena.
Orain, zorionez, badakit makarrak kendu baino lehen albisteak entzuteak ez didala onik egiten. Etxeko lanak bestelako entzunezko estimulurik gabe egiten baditut ahapeka kantatzen hasten naizela eta horrek nirea ez ezik, ingurukoen aldartea edertzen ere laguntzen didala. Lotarako isiltasuna baino konpainia hoberik ez dagoela. Audio luzeak azkar entzuteak sortzen didan urduritasuna dei laburrak egiteak ematen didan pozarekin ordezka dezakedala.
Ez dut ezer berririk esango, baina nago beti presaka, gain-informatuta eta jarrera hiper-produktiboarekin ibiltzea baino hobea ez ote den goizean lasai jaiki, logelako leihoa parez pare ireki eta sudur punta izoztu arte kanpoko munduari so egoteko tartea hartzea, adibidez.