oihana arana

Sofatik

2026ko urriaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apurka-apurka leporaino erori zait goizean burugainean neukan mototsa. Nekez okurrituko zait gaurko eguna deskribatzeko irudi hoberik. Domekaz geroztik lehenago gautzen dira arratsaldeak, baina horrek ez du esan nahi eguna lehenago amaitzen denik. Oinak arrastaka egin ditut etxeko atetik ispilura arteko hiru metroak. Irribarre egin diot neure buruari. Espero baino aurpegi hobea daukat. Besotan nekartzan poltsa eta jaka lurrean askatu eta berriz batu dut ilea, hala ere. Neure irudia duindu guran. Tuperra harraskara eraman, koadernoa idazmahaian utzi, eta besarkada arin bat eman diot sofan zegoen pisukideari. «Kriston gosie dauket eta gauzatxo bat bukatu biot ordenadorien, baina gero ifiñikou kakan bat telebistan?» proposatu diot. Irribarre erdi bat izan da baietz esateko bere modua.

Ordenagailua itzali dudanerako, prest zeukan dena. Eta hemen gaude orain. Sofa bat, manta bat eta bi gorputz nekatu. Batzuetan ez dago espagetiak jaten dituen bitartean maitemintzen den jendeari begira lokartzea baino plan hoberik.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA