oihana arana

Sortzeaz

2025eko abenduaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Herriaren erdigunetik hogei minutu edo daude honaino kotxean. Gidatzen zorabiatu naizen lehen aldia izan da. Ez dut pentsatu nahi nolakoa izan zen bidaia autobusean etorri zirenentzat. Basoa ikusten da bidearen alde bietan. Harria eta egurra. Postal ezin ederragoa agertzen da begien parera logelatik irten eta berehala. Oiartzungo Arritxulo aterpetxean gaude. Mundua hemen hasten dela esango balidate sinetsi egingo nukeela uste dut.

Hamalau urte nituenetik gorde izan dut abenduaren 26tik 30erako tartea Ahots Baten Sormen Egonaldira etortzeko. Gaur naizen hau egin duten kideak, erreferenteak, anekdotak pilatu ditut urteetan. Esperientzia interesgarria da gu izan gintezkeen gaztetxoentzat begirale jatorrak izateko ahalegina egitea ere.

Kanpoko hotzari beheko suaren berotasunarekin egin diogu aurre. Elkarri poemak irakurri dizkiogu. Esan nahi genituenak topatu ditugu elkarren begiradetan. Ez genekizkien kantak kantatu ditugu. Apur bat antzeztera ere ausartu gara. Gero eta argiago daukat. Ez da ezer handirik behar gauza ederrak sor daitezen: mundutik aparte dagoen txoko bat eta han egoteko gogoa bakarrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.