Martitzen gaua zen eta gaindituta nengoen. Haserrea eta amorrua kanporatzeko zerbait behar nuen derrigor. Makilak biltzera irten nintzen. Gogor astindu ditu haizeak gure bazterrak azken asteotan, arrama handi asko erori zaizkie etxe pareko zuhaitzei. Han ibili nintzen, eskuineko hankarekin zapaldu eta esku bien laguntzarekin arramak puskatzen; ahal bezain azkar, bortitz, indartsu. Lasaitu egin ninduen egurraren karraska baino ez entzuteak. Hori behar nuen.
«Sua pizteko arramak batzera urten dot». Esan nion etxera makila besakada batekin sartzen ikusi eta begiradarekin zertan ibili ote nintzen galdetu zidan pisukideari. «Makilak biltzeko egun ona aukeratu duzu». Esan zidan nire ekintza inpultsiboa babestu guran. «Hego haizeak sikatu egiten du egurra, eta halakoa bahar dugu». Baietz-baietz egin nion buruarekin; nahita egin izan banu bezala.
Txaparen ondoan utzi nituen, kartoizko kaja batean txukun jarrita. «Ba al zenekien egur bustiarekin egindako suari su hotz esaten zaiola?» esan zidan. «Eta zelan esaten jako hasarre gauzenien batutako egurraz indakuai?»