Txikitan harritu egiten nintzen lagunak etxera lotara etorri eta burkoak nire usaina zuela esaten zutenean. Gogoan dut ohera igo, sudur-zuloak izararen kontra igurtzi eta ez nuela ezer igartzen. Baso bete ur usaintzen saiatzearen parekoa zen niretzat. Beranduago ikasi nuen norberak berea ez duela hartzen, sudur-neke moduko bat daukagula ohiko usainak ez aditzera garamatzana.
Fisiologikoki oso inportantea izango da seguruenik eta, ziur naiz, nazkatu ere egingo gintuzke beti geure buruak usaintzen egoteak, baina ez dakit, hain gurea den usain multzo hori jasotzeko gai ez izateak poetikotasun handia lapurtzen dio gure egunerokotasunari. Eta gu hemen, ahal dela, poesiaren alde egoten gara beti.
Uste dut beste modu batera biziko ginatekeela besteen oheetan, kotxeetan, arropetan... uzten ditugun usain partikula horien guztien gaineko kontzientzia izango bagenu. Hobeto ulertuko genituzke gauza batzuk, baina antsietate handiagoa izango genuke. Azkenean, uste nuenaren kontrara, egia izango da konturatu gabe garen horren zatiak han eta hor uztean datzala bizitza.