Maialen Akizu.

Tailerra

2024ko otsailaren 3a
05:00
Entzun

Aise etortzen zaizkit burura tailerrean lan egiten duten dozena izen. Kosta egiten zait ni baino gazteagoak diren pare bat topatzen. Bururatutako emakume bakarra jubilatu egin da. Jose Luis Arrazola Gipuzkoako Automozio Enpresen Elkarteko presidentea kezkatuta azaldu da tailer txiki eta ertainetan pertsonala kontratatu ezinean dabiltzalako. Garraioaren eta auto pribatuen afera bestelakotu beharrean gaudela argi dago, baina nondik nora, bitartean zer. Automozio sektoreko lan baldintzak hobetu egin dira, formazioa zehaztu, lan egiteko baliabideek ere ez dute lehen bezainbesteko ahalegin fisikoa eskatzen, baina, besteak beste, aldatu zaizkigunak eskuak dira. Orain ez hainbeste eskuetara begiratuta jakin zitekeen askoren lanbidea; boligrafoen arrastodunak zituen irakasleak, laztuak baserritarrak, dotoreak pianistak, higatuak garbitzaileak, belztuak mekanikoak. Orain teklak zapaltzen ditugu. Batzuetan pentsatzen dut, aukera bagenu, eskua bera salduko genukeela beste pare bat atzamarren truk. Eta eskutik atzamarretarako aldea dago mekanikoaren lanetik lan mekanikora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.