Telesail bat ikusten hasi gara pisukideok. Mami handirik ez duen arren, bukaerara arte ikus dezazun besteko konbizkio gaitasuna duen telesail mota hori da. Kutrea, hutsala, baina pertsonaia jatorren bat eta zantzu interesgarri batzuk ere badituena.
Goiz afaldu eta berehala etzaten gara kapitulua ikustera. Beti lasaitu izan nau apur bat egunerokoan erritual kolektiboak sortzeak. Hala ere, ez naiz oso telesail zalea izan sekula. Ez diet zentzu handirik topatu izan eta beti izan dut pantailaren aurrean lokartzeko joera handia.
Urduri jartzen nau jakin-minak; hurrengo kapituluaren zain egon behar izateak... eta are urduriago hamar orduan kontatutako istorio hori kontatzeko ordu eta erdi nahikoa zela pentsatzeak.
Uste nuenaren kontrara, praktika kolektibo bezala ulertzen hastearekin batera, zentzua hartzen ari natzaiola uste dut. Gure etxetik kanpoko elkarrizketetan ere izan du lekua telesailak; ez baikara kakotuta dauden bakarrak. Hori zen, akaso, guztiaren gakoa. Denboran iraungo duten elkarrizketa kode konpartituak sortzeko balio dutela.