Adin zehaztugabea duen tipoa, abenturazalea, alfer xamarra, janzkera sinplekoa, kopetako ileak gora, gehiegikeria gutxi. Gaurko egun batekoa da Tintin pertsonaia. 1929ko urtarrilaren 10a zen eta Le Petit Vingtième aldizkarian argitaratu zituzten Herge ezizenez ezagutzen den Georges Prosper Remi belgiarraren komikiak. Milu, dupontdarrak eta Haddock kapitaina lagun hartuta han eta hemen izandako hainbat abentura kontatu ditu Tintinek, kolonialismoaren ikuskera paternalista xalo defendatu, tolerantzia eta bakea aldarrikatu, eta komunismoaren aurka egin. Pertsonaiaren hasieretan horixe baitzen helburu behinena. Tintin Sobieten herrian izenburua du lehen albumak, eta bertan Tintinek eta Miluk Moskura bidaiatzen dute gertutik kontatzeko boltxebikeen hauteskunde xantaia, erailtzeak, lapurretak, Stalinen diktadura.
Badago Tintinen bineta bat sareetan sarri ikusi dudana aspaldian. Haddock kapitana nekoso mintzo da. «A ze astea!». Eta Tintinek erantzun: «Kapitain, asteazkena da». Memoria selektiboa da eta gaur nahiago ironiaz gogoratu.