Argitu du egunak. Eguraldi iragarpenarekin ez dute asmatu eta oraingoan zure alde. Kalera atera zara eta konturatu egun batzuk ez direla goizetik hastekoak. Gaur horietako bat da. Paseoan euskarazko egunkaria duen taberna horren paretik pasatu zara. Beteta dago, bete-beteta. Barrualde ilun horretara begiratzen duzu, morbotik, nostalgiatik edo hegotik, nondik ari zaren jakin gabe. Oraindik gogoa dute dantzarako, ondo pasatzeko, drogatzeko. Ezagun batek agurtu zaitu barrutik eta beste bat kanpora atera da zigarroa eskuan. Parez pare topatu zarete, eta elkarrizketa hasi du esanez aspaldi ez zaituela ikusi, ea non zabiltzan, ea zer moduz dena. Txandak errespetatuz zuk ere galdera berdintsuak egin dizkiozu, bestearekiko protokoloak ez direlako askorik aldatzen bezperatik gatozela edo eguna hasteko. Ordea, gorputzaldia eta gorpuzkera ez dira berdinak. Pentsatu duzu iraganean harrapatuta gelditzea ez dela izango gozoa, baina biharamun eternala soinean eramatea ere ezin dela xamurra izan. Eta zalantza egin, iragan harrapakaria eta biharamun eternala, batzuetan, ez ote diren gauza bera.
Topo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu