Plater batean arrautza, bestean irina. Sardexka bat atera dut arrautzak irabiatu ahal izateko. Amantala jantzi, ilea motots batean bildu eta halaxe nabil, atzo garbitu eta egosi nituen zerben orri-mamiak afaritarako prest uzten. Banaka-banaka pasatu ditut atzamar baten neurriko zatiak arrautza-irinetan, olio berotan kozina zitezen gero. Bigarren zartaginkada osatu dudanean konturatu naiz: ez ziren hainbeste arrautza behar. Gure amamak legatza kozinatzen zuen aldiro egiten zuenarekin akordatu eta tortillatxo bat egitea erabaki dut. Eta halaxe mahairatu dut platera, gure amamak egingo lukeen bezala, tortilla albo batean jarrita.
«Gurakozu tortilla zati bat? Nik hartukot bestela». Esan diot parean jarrita daukadan pisukideari. «Bai, erdi bana jango dugu», esan dit. «Gure amamak beti hartzen zauen beretako», esan dut. «Eta inbidixie pasetan nauen nik, frateleko onena beretako hartzen zauelakuen». Gure amamarengandik ikasi nuen zatirik itsusienak, zartaginean gorringoa apurtu zaien arrautzak… norbere platerean hartu behar direla. Besteak zaintzea sakrifizio etengabea dela, hori ari zitzaidan esaten. Eta ni, bitartean, haren tortillatxoari begira.