Jira

Tragediak

Xabier Gantzarain Etxaniz.
2011ko ekainaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zenbat aldiz entzun, eta zenbat aldiz esan duzu hau: Nola bizi ginen mugikorrik gabe? Ezinezkoa ematen du orain.

Hamabost bat urte izango dira, edo gehiago, lehen mugikorra erosi nuenetik. Ez naiz akordatzen zergatik erosi nuen, behar nuelako ez behintzat. Badakizu: haizea buruan eta ibili munduan. Zenbat gauza dauzkat, holaxe, mugikorra bezala, batere beharrik gabe erosi eta azkenerako beharrezko bihurtuta?

Inori deitu eta mezurik bidali beharrik gabe jakiten genuen non bilduko ginen lagunak. Arratsalde osoak ematen genituen Atraskua tabernan. Txantxetan esaten nuen, urteko tragedien artean lehen postuan jarriko nukeela Atraskua tabernaren eraberritzea, baina benetan izan zen tragedia. Joanak ziren gure egunik onenak, galdua genuen erreferentzia. Orain nora joango ginen, beti baten bat topatzeko segurantziarekin?

Gutariko batek biziki maite du zinea. Arratsalde osoa taberna zuloan ematen aspertuta, beti esaten zigun: inor ez al dator zinera? Eta haietako batean: mutil bat nahi dut, igandetan zinera joateko. Gordina iritzi nion, eta zintzoa.

Askoz beranduago aurkitu nuen Cioranen esaldia: «Igande arratsaldetako aspermena baretzeko asmatu zen maitasuna».

Ez nion mezurik bidali.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.