oihana arana

Txabusina

2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hiru txabusina ditut logelako kakoan: hotz handia egiten duenerako bat, egun ez hain hotzetarako beste bat eta hotzik egiten ez duenerako hirugarrena. Ohetik jaiki, pijama etxeko arropekin ordezkatu eta lehenengoa aukeratu dut gaur. Logelatik irten arte ez diot begiratu erlojuari. Neure buruarekin haserretuko nintzen bestela. Ez dakit noiz bihurtu nintzen alarmak jo baino bi ordu lehenago esnatzen den jende mota hori. Aitaren herentzia, esango nuke.

Eskaileretan behera nentorrela piztu dut mugikorra. Goizeko seiak eta hogeita hamazazpi. Aspaldi da halako hasperen luzerik egiten ez nuela. Ke-kanpaiaren argi txikia piztu eta segituan ekin diot kafea prestatzeari. Uste dut ez dudala hartuko, baina merezi dut usain goxo apur bat.

Txabusina behar bezala lotu, eta leihora gerturatu naiz eskuak poltsikoetan sartuta. Argi gehiegi egiten dute farolek, baina ilun dago oraindik. Eta, akaso, hori da goizean goiz esnatzeaz gehien gustatzen zaidana: oraindik ezer hasi ez delako ziurtasuna izatea.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA