Jaio eta berehala ekarri gintuzten. Anbulantzian ibili naizen aldi bakarra. Argi urdinak, abiadura bizia. Askotan egin digute berba garai hartako kontuei buruz. Inkubagailuan egon ginen. Traumatikoa izan omen zen familiako kide guztientzat. Ez dakit zer egin zuten, baina egin zuten zerbait. Bestela ez ginatekeen gaur hemen egongo. Aita hil zen egunean egon nintzen bigarren aldiz. Nire bizitzako egunik arraroena izan zen. Autoan ekarri nuen. Hotz egiten zuen. Zena baino hotzagoa iruditu zitzaidan eguna, seguruenik, baina txamarra janzteko tarterik hartu gabe sartu ginen barrura. Sartu eta berehala esan zidaten. Gu biziko ginela esan zioten leku berean hilko zela. Hor nonbait tripetan daukat trabatuta informazio hori. Ebakuntza bat egin zioten barikuan amamari. Berriz han. Beldurra ematen zidan hara joateak. Tripetatik biriketara igo zitzaidan informazioa. Itolarria. Dena ondo joan zen. Gogorra izan zen orduko itxarongela berean egotea. Irudi gehiegi agertu zitzaizkidan pareta zurietan.
Txagorritxu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu