Angel Erro.
JIRA

Txantxangorri

2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Neurri batean ulertzen dut EAEko erakundeek euskara bultzatzeko aurkeztu kanpainako ikurra txantxangorria aukeratzeagatik piztu den polemika, eta neurri batean ez. Barkakizun zait errazenera, euskal tradizio berrira jo izana. Rikardo Arregik salatu bezala, txori eta tximeleta gehiegi dago egun euskal literaturan. Gogokoegi dugu euskararen ahul irudi hori geure buruari kontatzea (ez du Baztarrikak asmatu). «Gure betebeharra txoriak salbatzea zen», dio Kirmen Uribek Txoriak neguan poeman, «gure ahalegina itsasoan elurra bezain alferrekoa zela jakin arren». Euskararen alde egitean nahi gabe burura datozkigu irudi ornitologikoak: «gure hitzak ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal, elur gainean txori hanka arinek utzitako arrasto sail ederra bezalaxe» (cf. Bernardo Atxaga).

Beste kontu bat da erakundeei dagokien irudi horretan tematzea. Nik behintzat ez dut agintariek hunkitzea nahi. Tradizio zaharragoetara jo izan balute, aurkituko zuten, txantxangorriez gain, badirela inurri lepo mehe itsusi txirtxilak ere, egunetik lanari, egun guztietako duten guduari lotzen direnak. Hori ez da hain erakargarria, noski. Txori papo gorriak esanen zion: «utzak lan hori, ergela, urte oroz heldu duk berdin diru laguntza».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.