Zutabean idazteko asmatu dudala pentsatuko duzue, baina egia da: txantxangorri bat sartu zait logelara. Nora zetorren jakingo balu bezala sartu da, erdi irekitako leihotik. Hegaldi labur eta elegante bat egin du logelako sabaian. Armairuaren gainean pausatu ditu hanka biak azkenean. Eta han egon da, geldi-geldi, neuri begira. Janzten ari nintzen. Pijama erantzi berri, etxeko arropak janzten. Eta hala egon naiz apur batean, makarrez betetako begiak haren papar gorrian iltzatuta, kamiseta ezker besotik zintzilik. Paralizatu egiten nau lilurak.
Berriz aireratzea erabaki duen arte iraun du gure artekoak. Leihoak parez pare ireki dizkiot segituan, ihes egiteko aukera guztiak eskura jarri. Kamiseta jantzi dudanerako joan da. Eta hemen nago, lehengo leku berean. Irri txiki bat piztu zait, ordea.
Tristurak eta antsietateak inbadituko gaituztela dirudien garaiotan, geure egunerokoak edertzeko egin dezakegun gauzarik onena gertatzen denari so egotea da. Arrunt izatera kondenatutako egunetan ere gertatzen dira bizitza osoan kontatuko ditugun istorioak.