maialen akizu 34 172x172

Txapenak

2025eko maiatzaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Paparreko txapa bat konturatu zen ez zela euskararik belarrietatik sartzen zitzaion musikan, irakurtzen zituen liburuetan, ikusten zituen telesailetan. Paparreko txapa bat konturatu zen geroz eta gehiago ulertzen zuela, baina ez zitzaiola gustatzen ur azpian bezala motel-motel hitz egiten ziotenekin aritzea, eta ezin zituela jasan itolarrian presaren presaz jarduten zutenak. Paparreko txapa bat konturatu zen zerbitzariei, medikuei, okinari lehen hitza euskaraz egiten ziela, baina ez zuela berdin jokatzen beltzean kobratuko zion pintorearekin, zaharren zaintzaz arduratu denarekin, kontrolean gelditu zuen poliziarekin. Txapa bat hitanoan hasi zen, beste batek kontsumo taldean eman zuen izena, hirugarrenak BERRIAko harpidetza egin zuen. Txapa batek argudiatzen zuen «iraultzak soilik» salba dezakeela euskara, beste txapa batek «transfeminismoak soilik» salbatu dezakeela euskara, bazen txapa bat «euskara euskarak» salbatuko zuela uste zuena, eta beste batek «euskara ezerk» ez zuela salbatuko zioen. Eta bazen txapa bat, txapa txapal eta borobil bat, «euskara txapek» salbatuko zutela sinistuta zegoena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA