Amamarekin bazkaldu nuen barikuan. Haren etxean bezainbeste aldiz ez dut inon bazkaldu. Gurasoen etxetik joan arte han bazkaltzen genuen normalean. Ikastetxetik iritsi, zapatillak aldatu eta sukaldera sartzen ginen zuzen, bakoitza zekogion aulkira. Janariz betetako kazola handia mahaian, ogi mutur bana plateren ondoan, ur zaleontzat ura, besteentzat berak ur izendatzen zuen aquariusa. «Gerturatu zaitteze mahaira», esaten zigun beti neke usaina zerion tonu kantari batekin. «Txitak ekarri bikodie bestela» esaten zuen mahaiaren azpian pilatzen ziren ogi apurrei begira. «Eskobatzie baino errezaue izengo da txitak ekartie», gehitzen zuen gero. Grazia handia egiten zidan gu aititarekin La ruleta de la suerte ikustera jaiki eta sukaldeko harlauzetan txitak irudikatzeak.
Barikuan ere zapatillak aldatu eta zuzen egin nuen sukaldera. Elkarrekin kozinatu genuen. Bere lekuan eseri nintzen ni, aititarenean bera. Bukatu eta sukaldea nik batuko nuela esan nion, eser zedila lasai eguzkitan. Irribarre egin nuen erratza hartu eta nik zapaldutako lur zatia garbi eta berea apurrez beteta ikusi nituenean. «Sukalde hontara txitak ekarri bikodie», esan nuen. Irribarre egin zidan balkoiko bankutxotik.