maialen akizu 34 172x172

Txoriak ez dira existitzen

2025eko ekainaren 15a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Orain hamar urte, 2015ean, Gironako probintziako Besalu herrian lagun talde bat elkartzen hasi zen. Euretako bat —txorien behatzaile fina bera— Garrotxako Parke Naturalean paseoan zebilela, usoek ibilera arraroa zutela ohartu zen. Usoetako bat supituan erori zen, eta, txorien behatzailea ikertzera hurbiltzean, hegaztiak gorputzean irekidura txiki bat zeukala konturatu zen. Barruan kableak eta txip elektronikoak. Esku artean zuena ulertu nahian, ingeniari elektroniko bati eraman zion usoa. Ingeniariak honen tripak aztertu ondoren ondorioztatu zuen drone sofistikatu bat zela. Kide gehiagorekin konpartitzen hasi ziren kasua, eta hilabeteetako ikerketaren ostean konturatu ziren hegazti asko pausatzen zirela kable elektriko eta postuetan; euren kargatzeko modua izan zitekeen. Geroz eta jende gehiago hasi zen kasura gerturatzen, eta taldeak ere garbi zuen helburua: txoriei buruzko egia ezkutua azaltzea eta gobernuak populazioa zaintzeko erabiltzea.

Gaur egun milaka dira taldean. Kontzientzia publikoan eragin nahi dute, eta hegaztien narratiba desafiatu. Hori jakinda, ez begiratu txoriei berdin; eurak ari dira zuri begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.