Etxe aurrean dugun egurrezko banku zahar bat lixatzeko esponja baten bila joan nintzen barikuan herriko burdindegira. Urteak neramatzan horrelako denda bat zapaldu gabe. Umetan asko gustatzen zitzaidan burdindegira joatea. Esku txikia zabaldu eta ziurtasunez eskatzen nituen: «holako tornilluek, mesedez». Aitarekin joaten nintzen normalean. Ez dut berehala ahaztuko ahizparentzat eta biontzat etxeko giltzen kopiak egitera joan ginen eguna.
Burdindegira sartu eta gure aita baino zaharxeagoak izango ziren hiru gizon zeuden bertan, autoan derrigor eraman behar diren baliza berriei buruz berbetan; lege berria madarikatzen. «Joxe Mariren semeak homologatua zelakoan erosi zuen bat, eta kendu egin omen diote homologazioa!»; «Iñakiren bizilagunak istripu bat izan omen du bide bazterrean zegoen balizadun kotxea ikusi ez zuelako; ez dira ikusten, ez dira ikusten! Ez dute ezertarako balio!».
Elkarrizketa hori buruan neukala lixatu dut bankua gaur. Neure buruarekin haserretu naiz elkarrizketa hori gure amamak herriko andreekin ile apaindegian izango balu txutxu-mutxu deituko niokeela konturatu naizenean. Gauza bakarrak bereizten ditu berba egitea eta txutxu-mutxuka aritzea: generoak.