Gorputzaldi arraroa jartzen zait unibertsitatera noan aldiro. Ikasle jende garaikidea ni ikasle nintzenekoa baino gazteagoa iruditzen zait oro har. Nerabeagoa. Badakit ez dela egia, baina ez dakit. Asumitzeko zaila egiten zait nire identitatearen eraikuntzan hain garrantzitsuak izan diren txokoetan altus motxilak bizkarrean daramatzaten horiek nire lagunak ez izatea. Zahartzen ari naiz, badakit.
Asteazkenean gertatu zitzaidan berriz. Gasteizko gaztetxean egon nintzen. Unibertsitate giroan dabiltzan bertsolariek antolatutako Unibertsolariak ekimenaren ikasturte bukaerako jaian. Ahizpa eta biok tokatu ginen bertso-bazkaritan. Gazte-gaztea iruditu zitzaidan jende guztia. Horri buruz eta gure nostalgiari buruz kantatu genuen libre utzi gintuzten tarteetan. Eder-ederra izan zen.
Arrarotasunak arrarotasun, pozgarria da unibertsitate girora gerturatu eta guk asanbladak egiten genituen bazterretan asanbladak ikustea, guk kartelez betetzen genituen paretak kartelez beteta ikustea, gure lagunek sortutako ekimenek oraindik jendea biltzen dutela ikustea. Irribarre eginarazten dit.