oihana arana

Ur beroa

2026ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gabonetan soberatutako turroiak eta kafe egin berria trastez betetako mahaiaren gainean. Kafea hartzera etorri da bizilaguna. Matxura bat dela-eta etxean ur berorik gabe daudela esan digu zer moduz dagoen galdetu orduko. Propanoaren eta butanoaren arteko diferentziak aztertzen bukatu dugu azkenean. Izozte puntua; prezioa; erabilera. C₃H₈ eta C₄H₁₀. Behingoagatik balio izan dit batxilergoan kimika ikastea erabaki izanak. Iraganeko erabaki txarrek ondorio positiboak dituzte tarteka. Espero gabeko leku askotan ipintzen gaitu heldutasunak.

Txikikeriak utzi eta dutxatzeko lekua edo dena delako laguntza behar badute gurera etor daitezkeela esan diogu. Daukaguna eskainiko diegula. Baietz-baietz egin digu buruarekin. Beste kontu batzuk kontatu eta martxa egin duenean, gure sukaldera itzuli da elkarrizketagaia, hor egon da beti, akaso. Ondorio argi bakar bat atera dugu: laguntza eskatzea ez da ekintza erraza. Baina interesgarria da barneratzea familia deritzogun egitura ustez trinko eta halabeharrez hertsitik kanpo ere eska daitekeela ur beroa, laguntza, zaintza, aterpea, dirua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.