Hau idazten ari naizenerako oxigenoa amaituko zitzaien Titanic transatlantiko urperatu ospetsua bertatik bertara ikustera joandako batiskafo turistikoaren barruan dauden bost bidaiariei, itsaspekoa aurkitu ala ez. Batek daki, edozer gauza gerta daiteke. Horrelakoekin arinki ibiltzea ez da itxurosoa, baina lepoa eginen nuke dagoeneko enkargatuta dagoela (amaiera oraindik irekia) tragedia estugarri hau iruditan jasoko duen filmaren gidoia, estudioetako lege aholkulariak eskubideen kontuaz arduratzen hasita daudela eta Titanic filmaren sekuela gisa ateratzearen komenentzia komertzialez ari direla bulegoren batean.
Industriako gehienak bat etorriko dira tragedia honek (agian amaiera aldatuta?, ikusiko dugu) bai merezi duela pantailaratzea. Herri xehea haiekin identifikatzeko moduko protagonistak: jende aberatsa, herri xehea haiekin identifikatzeko moduko zaletasunekin. Eta guztiaren gainean, herio berdintzailea. Urpean hiltzeak heriotza itogarria behar du, termino filmikoetan.
Zoritxarrez urpean hiltzen diren guztiak ez dira berdin fotogeniko, berdin deigarri, berdin notiziable, berdin haiekin identifikatzeko modukoak. Zoritxarrez Mediterraneoan hildako etorkin eta iheslariak ez ditugu hain gertu sentitzen.

JIRA
Urpean hiltzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak